2015(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

Kudeaketa eta ideologia nekazaritzan


Iturria: BERRIA

2015-06-03 / Enrike Gisasola, Joxi Azpillaga, Lur Fagoaga, Jon Murgiondo, Manuel Labaka, Aintzira Oñederra - Baserria XXI. Elkartea

Udal eta foru aldundietarako hauteskundeetarako eztabaidan lehenengo sektoreak ez du ia tokirik izan. Jendartearen bizi-kalitatean, ekonomian zein ingurumenean duen garrantziaz jabetzeke, haren garapenean instituziook duten betebeharraz ahaztea ulergaitza dirudi. Edo agian ez? Testuinguru horretan, honatx paradoxa:

Euskal Herriko nekazaritzaren egoeraren gaineko iritzi ezkorra orokorra izan arren, badira herrialdeen artean desberdintasun aipagarriak, sektorearen diagnostikorako parametro gisa lanpostuen bilakaera hartzen badugu. Batetik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako mendialdean gazteen instalazio berriak kopuru politak erdietsi ditu (Frantziako daturik onenak), nahiz eta instituzio edo egitura ofizialen laguntza urria izan. Bertako laborariek sortutako egituren lan eskergaren emaitza da zalantzarik gabe, besteak beste, Laborantza Ganberarena. Bestetik, Hegoaldeko mendialdean baserrietako langileen desagerpena eta sektorearen zahartzea, jada, itzulerarik gabea izan liteke. Araba eta Nafarroako lautadetan zer esanik ez; izan ere, bertako herrietan nekazari handi banaka batzuk besterik ez baita ari geratzen. Hori bai, Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan bertakoen esku dauden hainbat erakunde publikok eskumen eta aurrekontu dezenteak kudeatzen dituzte (Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, garapen elkarteek, ikerketa zentroek, eskolek...).


Egoeraren konplexutasuna ukatu gabe, azter dezagun paradoxa hau azalduko lukeen faktoreetako bat. Nekazaritza politikaren kudeaketaren ardurak, Hegoaldeko herrialdeetan, ia modu esklusiboan, bi alderdiren artean banatu dira azken hogeita hamar urteetan: EAJ eta UPN. Edozein kudeatzaile edo hautetsiri kudeaketa ona egitea eskatu beharko litzaiokeen gutxieneko baldintza izanik ere, horixe bakarrik izan da bi alderdi instituziozaleon lelo nagusia bere jarduera zuritzeko garaian. Zeri deitzen diote, ordea, kudeaketa ona alderdiok? Hona hemen lelo batzuk: «Gu nekazaritzako eragile, azpisektore eta produkzio guztiak laguntzeko gaude», «Gizarte eta merkatuen eskariei erantzun behar zaie», «Ideologiak ez du lekurik erakunde publikoen eguneroko kudeaketan».

Praktikan, politika horren ondorioa zera izan da: laborantza gutxi batzuen negoziorako edota modu ez-efizientean diru publikoa "denon dirua" xahutzeko sektore bilakatzea. Eskuineko nekazaritza politikaren emaitza argia, bistan da. Arrain handiak eta txikiak berdin tratatzen dituena arrain handiarekin soilik geratzen da putzuan, alegia, marrazoarekin. Politika aukera egitea da beti, lehenestea, itxuraz lehenesten ez denean ere.

Bestalde, Hegoaldeko ezkerreko mugimenduek ez dute nekazaritza sektore estrategiko gisa ikusi, nahiz eta bestelakorik esan behin baino gehiagotan. Ezkerreko balioetan oinarritutako alternatibak proposatu edota sortu beharrean, borroka orokor eta lazgarriagoei eman zaie lehentasuna, behar bada ezinbestean.

Hegoaldeko nekazariok, berriz, antolaketa eraginkorrik egituratu ezinean eta animaleko hutsune ideologikoaren zama arintzetik urruti gabiltza.

Iparraldeko laborarien ugaritasunaren arrazoia, berriz, ideologikoa da batez ere. Laborantza iraunkor eta herrikoiaren aldeko apustuari temati eutsi diote. Elkartasuna, euskal identitatea eta elikadura subiranotasuna energia iturri izan da langintza horretarako. Ondorio gisa, ekoizpen eredu jakinak sustatu dira, hau da, sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki eraginkorrak eta jasangarriak diren baserriak. Antolaketa, pedagogia eta, nola ez, borroka, lan tresnatzat hartuta, emaitza bikaina izan da.

Hortaz, bada alternatibarik, bada esperantzarik. Euskal Herriko ezkerraren erronka "agian baita Europakoarena ere" ez da makala, baina hasi gara zertxobait aurreratzen, norbanako batzuen indarrari esker. Ea noizko ganorazko Ezkerreko Nekazaritza Politika trinkoa euskal erakunde publikoetan, kudeaketa ona baino zerbait gehiago izan dezagun. Jendarteak proposamen argien artean eztabaidatu eta hautatzeko aukera izan behar du. Diskurtso lauso, kalkulatu eta maltzurren edo gaitasunik ezaren ondorio diren horien gainetik, nor bere balio eta gizarte eredutik abiatuz, argitasunez eta zehaztasunez Nekazaritza Politikaz hitz egin dezagun.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina