2015(e)ko maiatzaren 12(a), asteartea

Ez gara jabetzen kontsumitzea ekintza politiko bat dela


Iturria: Berria
2015-05-10 / Jon Fernández

"Economia de l'absurd" liburuan azaldu ditu egungo ereduaren arriskuak eta kontraesanak. Zenbat eta merkeago erosi orduan eta langabezia eta prekaritate handiagoa sustatzen delakoan dago.

«Nork behar du zuzeneko errepresioa, oilasko bat bere kabuz, askatasun osoz, harategian sartzera konbentzi badaiteke?». Slavoj Zizek filosofo esloveniarraren esaldi horrekin zabaldu du Josep Burgayak (1960, Vic, Herrialde Katalanak) bere liburua, Economia de l'absurd. Quan comprar més barat contribueix a quedar-se sense feina (3i4 edicions). Gaztelaniazko itzulpena argitaratu berri du, Ediciones Deustorekin: La economía del absurdo. Cuando comprar más barato contribuye a perder el trabajo (Absurdoaren ekonomia. Merkeago erosteak lana galtzea dakarrenekoa). Bartzelonako UAB unibertsitatean Historia Garaikideko irakaslea da Burgaya, eta herritar arruntaren kontzientzia esnaraztea lortu nahi du bere saiakera ekonomikoarekin.

Zergatik da absurdoa oraingo ekonomia?

Teknologiari esker, munduko biztanleriaren beharrak asetzeko adinako ekoizpen maila lortu dugu. Baina inoiz baino pobrezia handiagoa dago, inoiz baino desberdintasun gehiago. Printzipioz, ekonomiaren xedea da ahalik eta jende gehienaren ongizatea bermatzea, baina gure ekonomiak ez du hori helburu. Aberastasuna biztanleriaren %1ean metatzen ari da, eta gainontzekoak prekarizatzen. Biztanleriaren zatirik handiena lana galtzen ari da, eta horixe izan da gizarte demokratikoen kohesio eta oreka tresna nagusia: lana.

Erantzukizuna herritarrengan ere jarri duzu, kontsumitzaileengan. Geure buruaren kontra gabiltza?

Inkontzienteak gara. Oro har, ez gara jabetzen kontsumitzea ekintza politiko bat dela. Efektu zuzena du, baina normalean epe motzeko bulkadekin jarduten dugu. Epe luzerako efektuak ez zaizkigu asko interesatzen. Denok dakigu, adibidez, planetaren berotzea arazo serio bat dela eta ondorio sakonak izango dituela, baina hurrengo belaunaldian eragingo duela pentsatzen dugu, eta gu ez gara egongo orduan.

Halere, emaitzak berehalakoak dira. Liburuan diozu gure kontsumo moldeek bermatzen dutela Mendebaldearen desindustrializazioa, enplegua Asia «merkera» joatea eta langabezia eta prekaritatea nagusitzea.

Ikaragarria da. Paradigma sozioekonomiko bat apurtu da, oreka batzuk hautsi dira. Enplegu osoa ez da berreskuratuko. 50 urtetik gorako langabe gehienak ez dira lan merkatura itzuliko. Gazteriaren zati handi bat ez da lan merkatura sartuko, eta, are gutxiago, baldintza duinetan. Horixe da errealitatea. Gainera, lana izateak ez du bermatzen pobre ez izatea. Prekarizazioa orokortzen ari da.

Inditexek Txinako eredua berriro EBn baliatu duela diozu.

Seatek ere horixe egiten du. Belauniko jartzen du langile batzordea, eta mehatxu egiten dio fabrika Martorelletik Europa ekialdera eramango duela esanez. Sindikatuek, horrela, sekulako soldata jaitsierak onartu behar dituzte.

Deslokalizazioaren beldurra indar baliotsua da.

Xantaia begi bistakoa da. 1980ko hamarkadara arte, nolabaiteko oreka zegoen kapitalaren eta lanaren artean. Esatea gogorra bada ere, ongizate estatuaren oinarrietako bat izan zen eredu sobietarra egotea hor, kontraeredu gisa. Iraultza kutsatzearen beldurrari esker onartu zituen muga batzuk kapitalismoak. Baina Berlingo Harresia eroriz geroztik, maximoetara jo du. Lan kostuak ezabatzeaz gain, langileekiko erantzukizuna ezabatu nahi du. Deslokalizazio industrialarekin enpresa handiak jabetu ziren askoz gehiago aberastu zitezkeela langileekiko ardurarik izan barik.

Zergatik lortu du pentsamendu liberalak zentzu komun antzeko bat bihurtzea gizartean?

Argi dago da lortu duela. Liberal-kontserbadurismoak gauza adimentsu bat egin zuen, keynesianismoari eta sozialdemokraziari ideien bataila planteatu zien. Arlo akademikoan Hayekek eta Friedmanek irabazi zioten keynesianismoari, eta arlo politikoan sozialdemokraziak sekulako akatsa egin zuen: kontserbadurismoaren logikan sartu zen, alternatiba izateari utzi zion, alternantzia izateko.

Hor hasi zen ekonomiaren despolitizazioa?

1980ko hamarkadara arte botere politikoa zen boterea, hizki larriekin. Harrezkero, merkatuak erabakitzen du garrantzitsuena. Eta merkatuak ez du balio moralik, onura maximoa bilatzen duen tresna itsu bat da. Zenbat desberdintasun sozial irauteko gai da gizarte demokratikoa? Sistema demokratikoa bera jarri da krisian.

Zure ustez, egungo sistema ekonomikoa ezin da epe ertain-luzera mantendu. Zergatik?

Ekonomikoki ez da iraunkorra. Errentaren banaketaren desberdintasunak eskariaren kolapso bat sortzen du, gainprodukzioa ekarriko luke. Beraz, bidegabea izateaz gain, ekonomikoki ez da bideragarria aberastasunaren birbanaketarik ez badago. Azken urteetan politikarekiko dagoen atsekabeak ere zerikusia du horrekin: jendeak politikara jotzen du konponbide bila, baina politikak, estatuak, alderdiek ez daukate konponbiderik: ez dutelako botere errealik eta alderdi bakar batek ere ez duelako planteatzen politikari berriz boterea ematea.

Ekonomiaren birpolitizazioa da konponbidea?

Hori da, ekonomia ahalik eta jende gehienaren mesedetara jartzea. Lana birbanatzea, eta protekzionismo puntu bat, lan prekarioaren konkurrentzia desleiala saihesteko.

2008an piztutako krisiak zertarako balio izan du, ekonomia eredua kolokan jartzeko ala hura indartzeko?

Krisira eraman gintuen pentsamenduaren nagusitasunak bere horretan segitzen du: austeritatearen planteamenduak, lehentasuna defizitaren murrizketari ematea. Horixe da ekonomia neoliberala, eta deigarria da krisi honetan piromanoak suhiltzaile bihurtu direla. Korporazio handiek ia ez dute zergarik pagatzen. Ikeak, adibidez, %0,02 pagatzen du zergatan. Langileak inoiz baino zerga gehiago ordaintzen ditu, eta kapitalen mozkinek inoiz baino gutxiago.

Egoera konpontzeko zantzurik nabari duzu?

Ez. Alternatiba politika indartzea da, jendea ahalduntzea. Baina azken urteetan huts egin digun zerbait dago hemen, sozialdemokrazia. Frantzian bazirudien Hollandek diskurtso sozialdemokrata birbideratuko zuela, baina neoliberalismoaren artegira itzuli da. Espainian ere, Podemosek oso planteamendu ekonomiko moderatua du. 1980ko sozialdemokrazia baino ez da. Planteamendu berritzaileak falta dira. Kontua ez da Keynesengana, kapitalaren eta lanaren oreketara, eta eskariaren ekonomiara itzultzea. Elementu berri bat dago, paradigma berrian txertatu beharrekoa.

Zein?

Ingurumena. Planetaren berotzea ez da asmakizun bat. Baliabideak ustiatzeari mugak jartzea ezinbestekoa da. Aldaketa hori azkar ez badugu kudeatzen, krisi gogorrak etorriko dira. Datozen 20 urteetan tenperatura bi gradu igotzen bada, laborantza lurrak eta ura galduko dugu, eta 2.000 milioi biztanle gehiago izango gara. Horrek ez du irtenbide oso onik. Horregatik, ekonomia berdea eta desazkundea kontzeptuak txertatzen hasi behar gara.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina