2015(e)ko maiatzaren 5(a), asteartea

Bizi Baratzea liburua, herririk herriko bidaian murgilduta



Iturria: ARGIA

Eskarmentu luzea du Jakoba Errekondo paisajistak landareen munduaren berri ematen Euskal Herriko hainbat hedabidetan. Argiako orrialdeetan astero-astero dibulgazio lan eskerga egiten hogei urte daramatzan honetan, usurbildarrak baratzezaintzari buruzko jakintza bildu du Bizi Baratzea. Garaian Garaikoa Garaiz liburuan.



Nahitaezkoa zen obra hau, egilearen esanetan. Nahitaezkoa, baratzezaintzan falta zen ikuspuntu bat dakarrelako: Euskal Herriko –batez ere euskal isurialde atlantikoko– ezaugarri berezietara egokitutako liburua da Bizi Baratzea. Modu atsegin eta ulerterrazean, baratzearen abenturan murgiltzeko grina daukatenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenentzat ere.

Liburua atal labur askotan bananduta dago. Argibide orokorrak ematen dira hasierako zatian; ondoren, kapitulu bana eskaintzen zaio 30etik gora barazkiri. Bakoitza lantzeko lur mota eta sasoi egokiena, ur eta argi beharra, izurriteez babesteko moduak, aldamenean eduki behar dituen lagunak… Baratzean aritzeko behar den oinarrizko jakintza, 200 orrialde inguruan bildua. Hona hemen aurrerapentxo bat (pdf).

Liburua herriz herri aurkezten jardun du Jakoba Errekondok azken asteetan, eta halaxe jarraituko du datozenetan ere. Hauek dira ondorengo hitzorduak:
  • Maiatzak 5: Aizarotz. Kultur Etxean, 19:30ean. Basaburuako mintzapraktika taldeak antolatuta.
  • Maiatzak 6: Donostia. Hontza liburu-dendan, 19:30ean.
  • Maiatzak 8: Aizarna. Aranburu Baserri Turismoan, ordua zehazteke.
  • Maiatzak 11: Aramaio. Oletan 18:00etan eta Ibarran 19:30ean (lekua zehazteke).
  • Maiatzak 14: Astigarraga. Goroldi Garden Centerrean. Ordua zehazteke.
  • Maiatzak 16: Tolosa. Azokan, 11:00etan.
  • Maiatzak 18: Iruñea. Elkar liburu-dendan. 18:30ean.
  • Maiatzak 19: Berrobi. Kultur Etxean, 19:00etan.
  • Maiatzak 21: Etxarri Aranatz. Liburutegian, 19:00etan.
  • Maiatzak 23: Hernani. Karabelekoren egoitzan, 11:00etan.
  • Maiatzak 23: Bedaio. Elkartean, 18:00etan.
  • Maiatzak 26: Gasteiz. Elkar liburu-dendan. 18:30ean.
  • Maiatzak 29: Baztan. Iruritako Jauregiarte Taberna Kulturalean, ordua zehazteke.
  • Maiatzak 30: Saldias-Labaien. Lekua eta ordua zehazteke.
(Zure herrian antolatzeko, deitu 943-37 15 45era edo idatzi sustapena@argia.eus-era).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina