2014(e)ko ekainaren 10(a), asteartea

ERRIGORA: Euskara eta nekazaritza uztartuz



Iturria: http://www.berria.info/

2014-06-06 / Irene Arrizurieta
          
Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko nekazarien uzta berri batekin dator Errigora ekinaldia. Hilabeteak dira udaberriko kanpaina prestatzen hasi zirela. Oraingoan, kontserba sortak eskatzeko aukera dago: zainzuriak, orburuak, piperrak eta potxak. Ekainaren 15era arte bilduko dituzte eskaerak, Euskal Herriko hainbat herritan, ondoren gune ezberdinetan banaketa egiteko. Euskalgintza ahaztu gabe, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ezagutza bultzatzea du helburu nagusi.

Nafarroako euskalgintza eta nekazaritza hauspotu nahi ditu Errigorak. Horren harira, iazko udazkenean egin zuen lehen kanpaina, eta elikagai saskiak banatu zituen. Arrakasta ikusirik, aurtengo udazkenean olioa banatzeari ekin zioten. Baina ekinaldia ez da horretan gelditu, eta udaberriko kanpainaren azken eskaerak jasotzen ari dira egunotan. Ikasturtero, bi kanpaina nagusi eginen dituzte: udazkenekoa eta udaberrikoa, eta orain udaberrikoarekin dabiltza lanean. Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura lelopean, hiru helburu zehatz ditu Errigorak: elikadura subiranotasuna sustatzea Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herrian banatuz, merkatu globalizatuari aurre egiteko; Nafarroako eremu ez-euskaldunean euskara bultzatzea; eta besteak beste herrigintza eta auzolana garatzea.

Nafarroako elikagaiak bide zuzen eta motz batez eskuratzeko modu on bat da. Kanpaina 30 bat herritan egiten ari dira, eta ezin konta ahala eskaera jasotzen ari dira. «Jende asko mugitzen da herrialdeetan. Sare bat lortu da», dio Xabier Gojenola Errigorako koordinatzaileetako batek.

Sarea egiten

Lan horretan ari da Txus Alfonso, Errenteriako Lau Haizetara euskara elkarteko egoitzan. Sare bat osatu dute, Errigorako kanpainak herrian hedatzeko. Bi urte daramatzate lan horretan, eta sarean 750 lagun sartzea lortu dute. Euskararen normalizazioa eta lurraldetasuna lantzen dituzte. «Pertsonak aktibatu eta konprometitu nahi ditugu. Horrelako egitasmo bat egokia da horretarako».

Antzeko lana egiten du, Hernanin, Amagoia Etxeberria Zilegi eskolako kide eta AEK-ko irakasleak. Euskaltegiak Errigorako hiru kanpainetan parte hartu du, eta hari egokitu zaio koordinazio lana. 250 ikasle ditu. «Izugarrizko arrakasta izan du ikasleen artean. Gelan hainbat gai lantzeko ere balio digu: elikadura subiranotasuna landu dugu, eta euskalgintzaren egoera Nafarroan». Hori bakarrik ez; produktuen kalitateaz gozatzeko, dastatzeak ere antolatu dituzte. «Polita izan da taldean kontsumitzea. Badakigu nondik datorren eta zer jaten ari garen».

Egitasmoa handituz joan da, eta Hernaniko Institutua, Lankide Eskola, udala eta Usurbilgo Kontsumo Taldea ere sartu dira sarean. Orain ere eskaerak bideratzen ari da, eta arrakasta «izugarria» dela dio. «Iragarki ohol osoa dut eskaeraz betea. Parte hartze ekonomikoa ere izugarria da». Eskaria egin dutenetako bat da Prontxio Urdangarin, Hernaniko Udaleko langilea. Proiektuaren berri jakin du, eta parte hartzen ari da. Hamabost litro olio hartu zituen udazkeneko kanpainan, eta orain kontserba sorta bat hartuko du. «Produktuak oso onak dira, eta aukera ezin hobea iruditzen zait Nafarroako ekoizleak eta euskara laguntzeko. Ingelesarekin ez genuke halakorik egingo». Lagunen artean ere zabaldu du mezua. «Dena du ona, prezioa ere bai. AEK-ko egoitzara joango naiz hartzera. Ez du lanik ematen, eta erraza da».

Harreman iraunkorrak

Errigorak pauso bat gehiago eman nahi du. «Kontsumitzeko modu bideragarria, justuagoa eta parte hartzailea mahairatu dugu», dio Gojenolak. Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko ekoizle eta Euskal Herriko kontsumitzaileen harreman zuzenak ehuntzen jarraitu nahi dute. «Ekoizleen eta euskalgintzaren artean harreman zuzena sortzen da. Ohartzen dira euskaraz merkaturatzeak balio erantsia duela». Ekoizlea ohartzen da produktua beste eremu batzuetara zabaltzen dela, eta hurrengo urteetan beren webguneak euskaratzeko akordioa egiten ari dira. Hori bakarrik ez; ikastola askotako jantokietan, aztertzen ari dira jakiak eta olioa Nafarroako ekoizleei erostea, orain arte bezala kanpotik ekarri beharrean. «Harremanak sendotu nahi ditugu. Produktuak saltzea lortu dugu, eta, orain, erosleari aukera eman behar zaio produktuaren errealitatea ezagutzeko, zer ari den erosten jakiteko».

Ekoizleak, pozik

Oraingo eskaintza Nafarroako hiru ekoizlerekin prestatu dute, eta etiketak euskaraz jarri dituzte: Alloko La Txurta kontserba enpresa, Arroizko Angel Iturri kontserba eta Cascanteko Maria Jesus kontserba. Errigorako koordinatzaileek esaten dieten lekura eraman beharko dituzte kontserba sortak. Kontserba enpresa bakoitzak guztien sortak emanen ditu esaten zaion herrira, eta, han, Errigora sarearen bidez eginen da banaketa. Zainzuriaren kanpainan buru-belarri dabiltza orain hirurak, baina Errigorak proposatutako kanpainan ere buru-belarri sartu dira. «Ideia ona iruditzen zait. Euskara defendatu beharreko ondare komuna dugu Nafarroak eta EAEk», dio Jose Mari Munarrizek, La Txurta kontserba enpresaren jabeak.

Udazkeneko kanpainan pikillo piperra jarri zuten, eta orain zainzuri sorta ekologikoak prestatzen ari da. Ekologikoan bakarrik lan egiten du, eta Euskal Herria, Espainia eta Alemania ditu merkatu. «Merkatua gehiago zabaltzeko aukera ematen dit, eta nire produktua beste bide batzuetatik ezagutzeko aukera».

Angel Iturri ere, Arroizko Iturri kontserbak enpresaren jabea, pozik dago egitasmoarekin. Zainzuri eta barazki-menestra sortak prestatuko ditu. «Jainkoa etorri zitzaidan bisitan, bezeroa etxeraino etorri zitzaidan eta. Egitasmoarekin, denok irabazten dugu zerbait».
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina