2014(e)ko maiatzaren 21(a), asteazkena

Andoaingo ekoizleen barazkiak eskainiko dituzte harreskolan



 

  
J. K. Alberdi (Behemendi), S. Pato (Ekolapikoa), N. Arsuaga (ekoizlea), I. Ansa (haurreskola), Aitziber Ugartemendia zinegotziarekin.
J. K. Alberdi (Behemendi), S. Pato (Ekolapikoa), N. Arsuaga (ekoizlea), I. Ansa (haurreskola), Aitziber Ugartemendia zinegotziarekin.
 
 

Datorren ikasturtean Andoaingo Galardi haurreskolak bertako ekoizleek beren lurretan landutako barazkiak eskainiko ditu jangelan. Ekolapiko izena duen proiektuan parte hartuko duen Gipuzkoako bederatzigarren herria izango da Andoain. Haurreskolan matrikulatzeko epea maiatzaren 26an ireki eta ekainaren 6an itxiko da. Behemendi landa garapen elkartearen diru laguntzari esker, haurtzaindegiko kuota bi euro baino ez da igoko.
 
Ekolapiko proiektuko ordezkaria den Sabrina Patok nondik norakoak azaldu zituen atzo. "Helburua ekoizle bakoitzak bere herriko edo inguruko haurreskolei barazki ekologikoak eskaintzea da, beti ere janaria prestatzeko sukaldea dutenei", esan zuen Sabrina Patok.
 
Andoaingo kasuan, Nerea Arsuaga baserritarrak ekoizten dituen barazkiak eramango dira haurreskolara eta esneki ekologikoak, berriz, Altzoko Behieko elkarteak eskainiko ditu. "Gipuzkoako landa garapena bultzatu nahi dugu, ingurumena zaindu eta errespetatu, eta osasuna eta hezkuntza landu. Datu bat ematearren, esan dezakegu urtean plastikozko 3.000 jogurt pote zaborretara ez botatzea lor-tzen dugula", gaineratu zuen Ekolapikoko ordezkariak. Era berean, hi-tzaldiak, ekoizleen baserrietara bisitak eta sukaldaritza tailerrak ere eskaintzeko asmoa dute.
 
Ixiar Ansa Galardi haurtzaindegiko zuzendariak elikaduraren garrantzia azpimarratu zuen. "Beti egon gara arduratuta elikaduraz, izan ere haurrek bularra utzi eta lehen barazkiak gurekin jaten dituzte eta elikagai sanoagoak izatea beren hazkundean lagungarria delakoan gaude", azaldu zuen.
Nerea Arsuaga baserritarrak landuko ditu bere lurretan haurreskolako haurrek dastatuko dituzten barazkiak. "Otarrak egiten hasi ginen eta ondoren Donostiako Juana de Arco ikastetxeari barazkiak ematea eskaini ziguten. Oso esperientzia polita izan da guretzat eta orain Andoaingo haurreskolari emango dizkiogu: argi daukagu bertatik bertara egin behar dela lan hau", azaldu zuen Nerea Arsuagak.
 
Behemendi elkarteko Juan Kruz Alberdik ere proiektua goraipatu zuen: "ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartzen dituen proiektua da eta, beraz, ekoizleentzat izugarrizko aukera", adierazi zuen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina